Zer da GPAB?

Medikuntzako ikasle, mediku eta psikologo talde batek sortu zuen GPAB 1975ean. Prestakuntza psikodinamikoa zuen psikiatra-psikoterapeuta talde bat Suitzatik bueltatu zenean, haien inguruan bildu, eta teoria psikoanalitikoan oinarritutako ezagutza kliniko, teoriko eta teknikoak eskuratu zituen Bilboko talde horrek.  Makina bat urtez antolatu dira mintegiak, irakurketa-saioak, ikasketa-taldeak, eta taldekako nahiz norbanako klinika gainbegiratzeak; horien bidez, aldaketa politiko eta sozialak kontuan, medikuek prestakuntza sendoa izan dute psikoterapiaren alorrean. Heziketa horrek, halaber, Unibertsitatean eta ospitale psikiatrikoetan jasotako prestakuntza osatu egiten du.

1976an Bizkaiko Medikuen Elkargoaren Egoitza lehenengo konferentzia antolatu zuen GPABk; León Grinberg doktore argentinarra izan zen hitzaldia eman zuen psikiatra eta psikoanalista. Horren ostean, eta azken hogeita hamar urteetan, zientzia arloko berrehun jarduera inguru antolatu ditu (Hitzaldiak, Ikastaroak, Jardunaldiak, Mahai inguruak, Mintegiak…); ehunka izan dira horietan parte hartu duten psikiatra, psikoterapeuta eta psikoanalistak, bai Espainiakoak (Madril, Bartzelona, Valentzia, Sevilla), bai beste herrialde batzuetakoak (Argentina, Brasil, AEB, Frantzia, Ingalaterra eta Suitza).

1983ko ekainaren 6an GPABk irabazi asmorik gabeko Erakunde izaera hartu zuen, RPB 1619 Erregistro-zenbakiarekin. Ordutik, eta kronologikoki, honako hauek izan dira presidenteak: Pedro de Torre Garnica doktorea, J. Karmelo Malda Bikarregi doktorea, Antonio Guerrero Jiménez doktorea, Julen Ortiz de Murua jauna, Salvador Álvarez Leal doktorea, Begoña Tejedor Zubiria andrea, Marian Moreno Pérez andrea, Aitor Urieta Guijarro jauna, eta gaur egungo presidentea, J. Karmelo Malda Bikarregi doktorea. Era berean, beraien garrantzia edota ospea dela-eta, ohorezko kide izendatu ziren: Mª Luisa Castillo Villegas doktorea eta Angel Garma Zubizarreta doktorea (Bilbo, 1904-1993). Gaur egun Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ehun eta hamar mediku, psikiatra eta psikologo barne hartzen ditu GPABk.

1995eko ekainean GPABk “Anorexia eta Bulimia”ri buruzko I. Jardunaldiak antolatu zituen eta ordutik, unean-unean antolatu izan dira Jardunaldi horiek. Deustuko Unibertsitateko Auditorium-ean egin izan ohi dira, orotariko gaiak jorratuz:

“Depresioa”, “Fobiak”, “Histeria”, “Ametsak”, “Nortasun-nahasmendua”, “Psikoterapia Psikoanalitikoaren (In)Pertinentzia XXI. mendean” eta 2008an, GPAB elkarte gisa eratu izanaren XXV. urteurrenean, “PSIKOPATOLOGIA PSIKOANALITIKOA: Narciso eta Edipo psikismoaren agertokietan. Historia-Identitatea-Alienazioa”. Azkenik, 2010ean, GPABren IX. Jardunaldia ospatu zen, honako izenburuarekin: “D.W.Winnicott eta gaurko Psikoterapia Psikoanalitikoa. Behaketak, Hedatzeak, Mugak”.

90. hamarkadaren bukaeran, GPABek Europa nahiz Espainian barrena zebilen psikoterapia-taldeen elkartearen korrontearekin bat egitea erabaki zuen, hala psikoterapiarentzat nola psikoterapeutentzat legezko estatutu bat sortzeko asmoz. Hori horrela, 1998an FEAP delakoan sartu zen (Federación Española de Asociaciones de Psicoterapia), Psikoterapia Psikoanalitikoaren atalean, hain zuzen ere. Gaur egun Estatu Espainiarreko 50 Elkartetik gora daude FEAPen baitan, hau da, 4.000 psikoterapeuta inguru.

1999. urtean GPABren Batzarrak Psikoterapia Psikoanalitikoko Prestakuntza Eskola bat eratzea erabaki zuen, 600 orduko prestakuntza teoriko-klinikoan egituratutakoa. Horri esker, psikoterapeuta egiaztagiria lortu daiteke Estatu Espainiarreko Psikoterapia Elkarte desberdinen aurrean. Urte hauetan guztietan, ehundik gora mediku, psikologo, Psikiatriako MIR, PIR eta psikiatra pasatu dira Eskolatik. Bertatik pasatu diren ikasleek balorazio ezin hobea egin dute, bai Eskolari dagokionez, bai bertako hogeitik gora irakasleei dagokienez.

Dagoeneko hogeita hamar urte igaro dira GPAB sortu zenetik eta, beraz, esan liteke, Euskal Autonomia Elkarteko Psikoterapeuta Elkarteen artean zaharrenetarikoa eta bateratuena dela.

Estatutuetan jasotakoaren arabera, hona hemen Psikoterapia Analitikoko Bilboko Taldearen helburuak:

Psikoterapia psikoanalitikoaren ikasketa sustatu eta sakontzea, dituen adierazpide guztietan.

 Egiteko horren inguruan interes komuna duten profesionalen arteko truke zientifikoa sustatzea.

 Psikoanalisiaren aplikazioak bestelako eremuetan hedatzea, hala nola:  medikuntzan, psikiatrian, psikologian, hezkuntzan eta osasun mentalean; bai erakunde publikoetan, bai pribatuetan.

 Antzeko helburuak dituzten estatuko nahiz nazioarteko erakundeekin lankidetzan jardun eta harremanak ezartzea.

 Elkartera gerturatzen direnei orientazioa eta informazioa ematea, psikoterapia psikoanalitikoari dagokionez.

 Erakunde publiko nahiz pribatuekin lankidetzan jardutea, Psikoterapia Psikoanalitikoko jarduerak garatzeko orduan.